EKKIk 2024ko Batzar Orokorra bildu zuen Tolosan, iragan ekainaren 28an. Orain arteko ibilbideaz hausnartu zuten bertaratuek, eta lorpen handitzat jo zuten CISAC nazioarteko egile eskubideen agentziako kide bihurtzea, plataforma digital handiekin negoziazioak abiatu izan edota laurehun bazkideren bueltan ibiltzea eta euren milaka obra tresna digital berritzaile batekin kudeatzen hasi izana.
Izan ere, digitalizazioa izango da hurrengo urteetako erronka nagusia. Aldaketa hori, ordea, EKKIk egin gurako luke esentzia galdu barik: hurbileko tratua, aholkularitza bizkor bat, egileen arteko elkartasuna eta gardentasuna.
Bazkideen eta agentziaren arteko zubiak indartzea izango da, beraz, zereginetako bat aurrerantzean. EKKI ezagutaraztea eta leku guztietan egile eskubideak kudeatzeko beste modu bat badela aldarrikatzea izango da kanpora begirako beste lan bat.
Antolakuntzari dagokionez, bulego lana indartuko da aurrerantzean, back office azkar bat eskaintzeko. Dena dela, EKKIko langileek Zuzendaritza Batzordearen babesa eta laguntza izango dute horretan. EKKI norabide onean eta orain arte legez haziz-haziz joan dadin Batzar Orokorrak urte betez berritu du Castillo Suarezek gidatutako zuzendaritza (Igor Estankona, Karlos Aretxabaleta, Itsaso Etxebeste eta Iñigo Asensio).
EKKIren zeregina da izena bertan emana duten euskal sortzaileen lanen erabilpena lagatzea, erabilpen hau sortzaileak eskatutako moduan egin dadila segurtatzea eta, hala badagokio, kasuan kasuko tarifa ezartzea. Horretan beste agentzien modu-modukoa da. Baina diferentzia da mundu osoan euskal kultura kontsumitu gura dutenen erreferentzia bihurtu nahi duela EKKIk, eta euskal sortzaileentzako egingo duela lan.