eu | es | fr | en
kideak

Albisteak

2024-04-15

Egile eskubideak, literalki hartuak

Sutra of the great virtue of wisdom, 5th century Chinese manuscript on silk (public domain)

EKKIk jasotzen dituen kontsulten artetik bada errepikatzen den kontu bat. Beren literatur lanak edo horien zati bat lagatzeko aukerari buruz galdetu ohi dute idazleek. Gai horretaz gogoratzen dira lana itzuli behar dietenean, berrargitalpen bat egin nahi dutenean eta halakoetan.

Lehenik eta behin, idazleei ikusarazten diegu literatura-lanen kasuan, gainerako sorkuntza-lanen antzera, zenbait printzipio nagusi eduki behar direla kontuan. Era berean, gomendioa da ondo aztertzea gaia, idazlan bat erdi bahiturik edo erdi erabili ezinik gera ez dadin. Edizio-kontratu egoki bat da horretarako gakoa.

Baina goazen apurka-apurka, eta zentra dezagun gaia: ondare-eskubideak daude batetik, eta eskubide moralak bestetik.

Eskubide moralek obra bera babesten dute. Egile bat halakotzat onartzeko eta bere sorkuntzaren xedeari eta osotasunari buruz erabakitzeko babesa ematen duten eskubideak dira eskubide moralak. Betirako dira eta pertsonari lotzen zaizkio. Horrek esan gura du ezin direla lagatu. Horrela, egileak kontrolatzen du lan bat zabaldu ala ez, aldatu ala ez, eta nola.

Jatorrizko sormen-lanak, gainera, ondare-eskubideen bidez babestuta daude, hots, ustiapen-eskubideen eta ordainsari soileko eskubideen bidez. Horiei esker, hirugarrenek egin dezaketan erabileren truke ordainsari ekonomikoa lor dezakete: kopiak egiteko baimena eman edo uka daiteke, zenbat kopia banatu erabaki daiteke edo komunikazio publikoa baimendu zein galarazi.

Ustiapen-eskubideak lagatu egin daitezke. Edo, agian, zehatzagoa da esatea eskubide horien erabilera laga daitekeela. Esta baterako, oinordeko bati transmituz. Edo argitaletxe bati, edizio jakin baterako eta denbora-tarte jakin batez.

Beti da interesgarria egileak klausulak kontrolatzea: zein eskubide lagatzen diren, zenbat denborarako lagatzen diren, zein eremu geografikotan, zein baldintza ekonomikotan eta abar. Baldintza ekonomikoak alde batera utzita, gomendio orokorra izango litzateke epe luzeegirako ez sinatzea. Edo argitaletxe askok ahalbidetzen duten sistema bat erabiltzea: edizio bakoitzerako lotzea akordioak, eta hurrengo edizioetarako terminoak berritu edo aldatzea.

hutsik