eu | es | fr | en
kideak

Albisteak

2023-10-25

Datozen Rembrandt guztiak eta egile-eskubideak

The Next Rembrandt. Creative Commons Attribution 2.0 Generic license.

Adimen artifiziala (AA), konputazio-zientzien testuinguruan, sistema informatikoek edo algoritmoen konbinazioek adierazitako ezagutza- eta adimen-gaitasunen diziplina multzoa da, eta helburutzat du giza adimena imitatzen duten makinak sortzea, hobekuntzak egiten dituztenak informazioa bildu ahala. Eta adimen artifizial hori bere kabuz obrak sortzen hasi den honetan, nola uztartu gaia egile eskubideekin?

Ikuspegi kontzeptual batetik, adimen artifiziala da erabakiak bere kabuz hartzeko gaitasuna duen teknologia. Europako Batzordeak honela definitu zuen: “portaera adimenduna erakusten duten sistemak dira, gai baitira beren ingurunea aztertzeko eta ekintzara igarotzeko —nolabaiteko autonomia-mailarekin—, helburu espezifikoak lortze aldera”. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gutxira agertu zen AA deritzona, “Turing probaren” garapenarekin; lokuzioa, ostera, John McCarthy informatikariak sortu zuen 1956an, Dartmoutheko Konferentzian.

AAk marrazki bizidunak sor ditzake, edo arropa, ilea edo beste xehetasun batzuk diseinatu, oso tarte laburrean. Pixarrek, esaterako, “Midas Creature” sortu zuen, adimen artifizialarekin animazio-lanak automatizatzen dituena. Literaturan, ChatGPTk idatzi eta Midjourney-k irudiz hornitutako ehunka ipuin daude. Googlek, Deep Mindekin, dagoeneko musika konposatzen du ematen zaizkion grabazioetan oinarrituta. “Next Rembrandt” ordenagailuz sortutako eta 3Dn inprimatutako pintura da. Aurpegia ezagutzeko algoritmo batek garatu du, 18 hilabetez margolari herbeheretarraren 346 margolan ezagunen datuak aztertu ondoren.

Orain arte egile-eskubidearen titulartasuna ez da arazo izan: programa bera sortze-prozesuan laguntzen zuen tresna bat besterik ez zen. Hala ere, AA aurreratua tresna bat baino gehiago da, sorkuntza-prozesuari lotuta dauden erabaki asko hartzen ditu-ta.

Adimen artifizialeko sistemaren sortzailea egile da? Algoritmo hutsa dena babestu egin behar da? Herrialde gehienetan, gizaki batek sortutako lanak bakarrik babestu ditzake egile-eskubideak. Britainia Handian, ostera, 1988ko Legeak gai honi heldu zion. Lege horren arabera, obra jakin baten sortzaile den pertsona jo behar da egiletzat. Baina, era berean, konputagailuz (computer-generated works) sortutako obra literario, dramatiko, musikal edo artistikoei dagokienez, ezartzen du horien egiletzat hartuko dela obrak sortzeko beharrezko konponketak (necessary arrangements) egin dituen pertsona. Antzeko irtenbideak bilatu Irlandan, Indian zein Hegoafrikan: makinak obra hori sor dezan beharrezko konponketak egin dituena ere eskubideduna da.

Eztabaidak luze joko du, gero eta lausoagoa baita “jatorrizko lana” deritzona. Gero eta eztabaidagarriagoa da, halaber, egilearen berezko sorkuntza intelektualaren izaera originala, “egilea” adimen artifizialaren funtzionamendua ahalbidetzen duen pertsona besterik ez denean.

hutsik